Edukira joan

Busturialdeko Hitza

Nabarniz
2008ko abenduak 3, Eguaztena

;2007-09-20;NABARNIZ . HERRI KIROLAK . Julen Beaskoa zaldi probetan txapeldun . Asteleheneko eta martitzeneko probetan batu da jenderik gehien

nabarniz » herri kirolak

Julen Beaskoa zaldi probetan txapeldun

Asteleheneko eta martitzeneko probetan batu da jenderik gehien

zihara enbeita

Etxean bertan geratu da aurtengo zaldi mando proben txapelketako manta. Izan ere, Julen Beaskoa nabarniztarrak lortu du markarik onena: 70 untza. Urrutia eta Isusko izan zituen horrek karretero. Mantagaz batera, 700 euro eta garaikurra ere jaso ditu.

Bigarren saria, ostera, Asier Alegria bermeotarrak jaso du. Bera eta Jabi Elordui ibili ziren karretero, eta 70 untza egin zituzten. Hirugarren Laukizko Aurrekoetxeak egin zuen.

XXXVIII. txapelketa izan da aurtengoa eta guztira hamabi probalarik parte hartu dute, lau saiotan. Ikusleak iaz baino gehiago izan dira. Nabarnizko Herri Kirolak elkarteko Juan Mari Zubizarretaren esanetan, astelehenean eta martitzenean batu zen jenderik gehien. «Gipuzkoatik jende asko etorri zen astelehenean. Errezil zein Azpeitia inguruetatik».

Aitor Elorriaga astesuarrak parte hartu zuen egun horretan eta «gazteria batu zen. Aimar Irigoien harrijasotzailea eta beste hainbat egon ziren ikusten».

Data aldaketaren eragina

Zubizarretak berak ere barikuan parte hartu zuen eta orokorrean bosgarren egin du, 65 untza t'erdigaz. Barikuan ere jende nahikotxo ibili zen, baina zapatuan ez horrenbeste.

Txapelketako data aldatu dute aurten, eta horrek ere eragina izan duela uste du Zubizarretak. «Iaz jaietan izan zen, irailaren hasieran, eta data horietan leku guztietan daude probak. Muruetan, Bermeon, Jainkon... Orduan astebete atzeratu dugu». Beste inon ez da probarik egon eta orduan jende gehiago urreratu da aurten.

Euskadiko Txapelketarako puntuagarria izan da Nabarnizko proba. Aipatu txapelketa datorren urte hasieran jokatuko da eta bertan sei onenek parte hartuko dute. «Puntuaziorik handiena atera duten seirek».

Iaz Nabarnizen izan zen Euskadiko proba ere, baina aurten oraindik ez dakite non izango den. «Urtetik urtera plaza ezberdina izaten da. Lantzean plaza baten egiten da».




© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Atalde 17, atzealdea - BERMEO - Tel.: 94 618 72 99
Faxa: 94 688 11 93 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea) Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.