Edukira joan

Busturialdeko Hitza

Nabarniz
2008ko abuztuak 20, Eguaztena

;2008-01-17;Umeentzako jolastoki bi berritu ditu Udalak. Nabarniz Herritarrek egindako eskariak jarraituta, txikienentzako prestatuta dago euretako bat eta bestea.

Umeentzako jolastoki bi berritu ditu Udalak

Nabarniz Herritarrek egindako eskariak jarraituta, txikienentzako prestatuta dago euretako bat eta bestea.

ainhoa zubizarreta

Eleizaldeko jolastoki biren berritze lanak bukatu berri ditu Nabarnizko Udalak. Aisialdi gune berrituetako bat 0 eta 3 urte arteko umeentzat prestatuta dago bereziki eta bestea, aldiz,nagusiagoak direnentzat. Azken horretan, xake eta partxis mahai bana ere jarri dute nahi duenak jokatu dezan.

Bertan zegoen eustorma bat aprobetxatuz, Eleizalde plazaren ondoan egin du Udalak jolastokietako bat, nagusiagoei zuzenduta dagoena. Hain zuzen, orain gutxi arte elizaren atzeko aldean zeuden jolasak eraman dituzte parke horretara, eta hiri-altzari berriak jarri dituzte. Bertan daude partxis jokoa eta keramikaz egindako xake jokoa ere. Horiez gain, gimnasia edota errehabilitazioa egiteko tresnak ere jarri dituzte leku berean.

Bestetik, elizaren atzeko aldean zegoen jolastokia herriko txikienek jolastu dezaten prestatu du Udalak. «Jendearen eskaria» jarraituta, Nabarnizko alkate Lourdes Aboitizek esan duenez. «Txiki-txikientzako ez zegoen ezer eta zerbait egitea pentsatu genuen».

Hartara, segurtasun neurriak jarraituta diseinatu dute jolastokia. Zorua, esaterako, babestuta dago umeak eroriz gero minik hartu ez dezaten. Besteak beste, egurrezko etxetxo bi, kulunkak eta txikienentzako bereziki prestaturiko jokoak jarri dituzte bertan.

Bestalde, frontoian mahai-tenisera eta mahai-futbolera jokatzeko mahaiak ipini dituzte. Hori bai, mahai-tenisean aritu gura dutenek pilotak eta palak eraman beharko dituzte halabeharrez. Mahai-futbolean aritzeko pilotak, aldiz, herriko tabernan jarri dituzte eskuragai.

Eskari berriak

Jolastokiak berritzeko eskariaz gain, beste mota bateko eskaria ere jaso du Udalak. Alkatearen hitzetan, «baserri-bideetatik errepide nagusira ateratzeko ikuspena ez da batere ona eta, arazoa saihestu asmoz, errepide ertzetan egoten diren ispiluak jartzeko eskatu digute hainbat lagunek».

Aboitizen esanetan, une honetan eskari hori betetzeko lanetan dabiltza, baina lehenbizi Udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren baimena behar izango duela argitu du.

############

Baserri-bideetatik errepide nagusira ateratzeko ikuspena hobetu gura du Udalak

############

© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea) Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.