Edukira joan

Busturialdeko Hitza

Nabarniz
2008ko urriak 13, Astelehena

;2008-04-17;Udalak eskolara lekualdatu gura ditu udal bulegoak. Nabarniz Proiektua eskatu du bulegoak lekuz aldatzeko; han zerbitzu hobea eskainiko dutela uste dute agintariek.

Udalak eskolara lekualdatu gura ditu udal bulegoak

Nabarniz Proiektua eskatu du bulegoak lekuz aldatzeko; han zerbitzu hobea eskainiko dutela uste dute agintariek.

oihana cabello

Udal bulegoak lekuz aldatzeko proiektua eskatu du Nabarnizko Udalak, eta erabaki horren berri ematen duen idazkia helarazi die herritarrei. Hain zuzen ere, Eleizalde auzoan bertan dagoen nesken eskola zaharrera lekualdatu gura dituzte udal bulegoak.

Aldaketaren arrazoiak ere ematen ditu Udalak herritarrei helarazitako idazkian. Gaur egun udaletxea hartzen duen eraikinak berrikuntza sakona behar duela dio, zorua leku askotan hondatuta dagoela eta leihoek ez dutela kanpoaldetik babesten. Horrez gain, eraikina jada ez da nahikoa udal zerbitzuak behar den moduan emateko, Udalaren ustez. Itxaron gelarik ez dutela, jendea hartzeko eremua oso txikia dela eta artxiboa ipintzeko lekurik ez dutela zehaztu du Udalak.

Bestalde, eraikina irisgarritasunari buruzko araudiari egokitu beharko litzatekeela dio, mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonei sarrera errazteko.

Herriko taldeek erabiltzeko lokalak

Arazo horiei irtenbidea eman gura die Udalak. Horrela, aukerarik onena udal bulegoak nesken eskola zaharrera lekualdatzea dela uste du. Handiagoa da, eta zerbitzua modu egokian eta erosoan ematea ahalbidetuko duela dio. Horrek on egingo lieke nabarniztarrei, langileei eta udal korporazioari.

Aldaketa egin beharra da, Udalaren ustez, eragozpen bakarra. Idazkian dioenez, «badakigu udaletxea plazan bertan dagoela, eta beti egon dela bertan, baina leku berria ez dago batere urrun, Eleizalden bertan dago».

Udaletxea lekuz aldatuz gero, gaur egun udaletxea hartzen duen eraikina libre geratuko litzateke. Lokal horiek «herriko elkarte eta taldeek erabili ditzakete euren bilerak eta abar egiteko».

Egungo eraikina berriztatzea

Gaur egungo erakina berriztatzea ere aztertu zuen Udalak. Hala ere, aukera horrek eragozpen gehiago dituela uste dute udal agintariek. Udaletxeko eraikina berriztatu behar bada, lehenengo eskola egokitu beharko litzatekeela diote, obrak egiten diren bitartean udal bulegoak han jartzeko. Obra horiek gutxienez bi urte iraungo luketela dio Udalak, eta gero berriro lekuz aldatu beharko liratekeela. «Esan beharrik ez dago alternatiba hori askoz garestiagoa dea, kosteak ia biderkatu egiten ditu, eraikin bakarra berriztu beharrean bi egokitu behar direlako».

Gainera, leku faltaren arazoa konpontzeko Herriko Tabernako lokalak hartu beharko lituzkeela dio Udalak, eta taberna itxi beharko litzatekeela.

© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea) Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.