
Aulestira doan bidea itxita egongo da «gutxienez hilabetez»
Nabarniz Martxoan botatako euriteen ondorioz zuloa dago errepidean, eta Ualak hainbat arinen konpondu gura du.
o. cabello
Martxoko denboraleak utzitako euriteek kalte handiak eragin zituzten Nabarniz eta Aulesti lotzen dituen bidean, Nareatik. Ordutik errepidea itxita dago autoentzako, eta oinezkoentzat ere handik pasatzea arriskutsua dela ohartarazi dute. «Oraindik hilabetez gutxienez» bidea itxita egongo dela jakinarazi du Nabarnizko Udalak.
Lur-jausiak izan ziren errepide horretan, eta bidean zulo bat dagoela zehaztu du udaleko idazkari Emilia Gonzalezek. «Errepide azpitik igarotzen da ura, eta azkenean ur horrek jan egin zuen bidea». Errepidea oso kaltetuta dago, eta teknikariak kalteak zenbatekoak diren aztertzen ari direla esan du Gonzalezek, «konpontzerako orduan bideak zer-nolako obra behar duen jakiteko eta konponbidea zein den zehazteko».
Hainbat arinen konpondu
Bidea konpontzearen ardura Nabarnizko Udalarena dela zehaztu du idazkariak. «Teknikariek errepideak zelako obra behar duen zehazten dutenean lan horiek lehiaketara aterako ditu Udalak».
Nabarnizko Udala bide hori «hainbat arinen» konpontzeko lanean ari dela esan du Gonzalezek, «baina lanok amaitu arte denbora beharko» dutela gaineratu du.
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.