
Datorren astean hasiko dira Lekerikatik Aulestira doan bidea konpontzeko lanak
Nabarniz Lanok 61.800 euroko aurrekontua dute eta, printzipioz, hilabete luza daitezke; eguraldiak baldintzatuko du obra.
MIREN KORTA
Martxoko denboraleak utzitako euriteek lur-jausiak eragin zituen Lekerika eta Narea auzoak lotzen dituen errepidean. Hormigoia kaltetuta zegoela ikusita, udaleko teknikariek errepidea ixteko erabakia hartu zuten, erabiltzaileen segurtasuna bermatu asmoz. Nabarnizko Udalak datorren astean hasiko ditu Aulestira doan bidea konpontzeko lanak. Egin beharreko konponketek 61.800 euroko aurrekontua izango dute eta, printzipioz, hilabete inguruz luzatuko dira.
Errepidearen arriskua
Lanak uztailera arte atzeratu dira Udalak lekua aztertzeko ikerketa geoteknikoa eskatu zuelako. Ikerketaren bidez, behegainaren zimendatzea eta erresistentzia mailak neurtu dituzte. Udaleko tenikariek jakinarazi dutenez, lur-jausiak hamahiru metroko arrakala sortu zuen errepidean eta aldaparen egonkortasuna arriskuan jarri zuen. Beraz, datorren astean martxan jarriko diren lanek zorua sendotzeko helburua izango dute, behinik behin.
Konponketaren arduradunek azaldu dutenez, lehenengo pausoa kaltetutako hormigoia eta horren azpian dagoen lurra kentzea da. Gero, zorua finkatzeko sei metroko luzera duten errailak sartuko dituzte bidearen bazter biak lotu arte. Plakak finkatzeko habe bat erabiliko dute, haien segurtasuna ziurtatzeko, hain zuzen. Bide batez, drainatzea egiteko metro eta erdiko sakonera izango duen ubidea egingo dute, euriak uzten dituenak bideratzeko. Azkenik, errepidean eta bazterretan hormigoia jarriko dute. Hori eguraldiaren araberakoa izango da eta, beraz, lanak luzatu daitezke.
© Busturialdeko Hedabideak S.L. - Zubiaurtar Kepa, 72 - BERMEO - Tel.: 946187299
Faxa: 946881193 - E-posta: busturialdea@busturialdekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Busturialdeko Hedabideak S.L.ko kideak: Itsuki irratia (Berko Kultur Elkartea)
Busturialdean Euskaraz Bizi
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Busturialdeko Hedabideak Kultur Elkartea: 42 gizarte eragile.